OHAR HISTORIKOAK:
TXAKOLINA LAUDION. Hona hemen ikasturte berriaren estreinako txangoa, oraingo honetan,
urrutira joan barik, gure herriaren historia ezagutzeko eta... edateko!!
Aiaraldeko txakolinaren historia kontu berria dirudien arren, zaharra da oso. Izatez, Laudion
dokumentatzen da mahastien ustiapena 964 urtez geroztik, Gardea auzoan zegoen “San Biktor
eta Done Jakue monasterioan”. Gardea auzoan ere, txakolina saltzeko ostatua zegoen, Kurtze
etxea, “Txakolin” goitizenarekin ezaguna. Eta gaur den egunean, baita Gardea auzoan ere,
Beldui txakolina dugu, merkatuan oso estimatua eta urtero 40.000 botila inguru ekoizten duena.
ELURZULOAK LAUDION. Beldui txakolina baino gorago dagoen Mostatxa mendiaren hegian,
elurzulo bat dago, sasien artetik. Hortik dator mendi honi ematen zaion “Nebera” izena.
Zulo horietan elurra metatzen zen neguan, gerora uda aldean izotza saltzeko. Kontuan izan
behar dugu hotz artifiziala (hozkailu eta izozkailuak) nahiko berriak direla. Lan nekeza zen
elurzuloena baina oso emankorra dirutan.
Bertatik udan erauzten zen izotza sendagai moduan (sukarra arintzeko) eta arrain-garraioetan
erabiltzen zen eta baita ere edabe bitxi bezain estimatu bat egiteko: garrafako limonada. Laudion
garrafa asko edan da, bereziki entzute handiko jaiegunetan. Izatez, txakolina, ura, azukrea eta
limoia du eta prozesu bitxi batez izozten da edari hori. Euskal Herri osoan erabili izan da garrafa
eta desagertzeko puntuan egon da. Kasualitatez, Laudion dokumentatzen da edari horretako
errezeta zaharrena, XVIII. mendekoa eta “txilibran” izena zuena.